XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emengo guda bukatu zanean, gauzak oso urri zeuden, eta denbora gutxira Europa'ko bigarren gudatea asi zanean kanpotik ezer ekartzerik ez zegolarik, gasolina eta erre-belarra edo tabakoa ere, jatekoak bezela, razionatuak zeuden.

Milla bederatzireun eta ogei ta amaseigarren urtetik berrogeigarrenera erruz garestitu ziran gauzak.

Adibide bezala; guda aurrean litro ardoak, 60 xentimo balio zuanak, naiz ugari izan, litroa bost pezta balio izatera iritxi zan, eta, olioa, razionatua, leenago pezta bat eta larogei xentimo balio izaten zuana, ofizialki, zortzi peztan ematen zuten, eta ixilpean, estraperloan, berrogei eta geiago ere ordaindu bear izaten zuan bear zuanak, edo aal zuanak.

Benetako estraperlista ez zan azkena saltzen zuana, baizik eta ezkutuan saltzeko, zegoan lekutik ateratzen zuana.

Eta lan-sariak bizimodua garestitu zan baiño askoz atzerago geratu ziran, eta orduan, bai, abestu zitekeela, goizean porru-salda, eguerdian azak, aixa kabitzen dira ipurdian galtzak.

Izkirimiri bezala, esan dezakegu janariak neurtuta banatzen zituzten urte aietan, olioa ta koipe gauzak urri zeudenean, bati baiño geiagori sabela berdindu zitzaiola, eta baita urdailleko-miñez ibiltzen ziranei gaitza sendatu ere.

Garai aietan, mende ontako ogeigarren urteetan ezagutu genituan lenengo irratiak, galenazkoak ziranak.

Egurrezko kutxatxo batean, kobrezko ariak bildurik zituztela, galena-arri batean orratza jarririk, teillatuetan jarritako antena baten bidez jasoaz, aurikular batzukin entzuten zan.

Geroago irrati aundiago eta ederrago batzuk azaldu ziran, lanpara aundi batzuekin, baiña aiek aberastasunaren ezaugarri gertatzen ziran, gaurko egunean, berriz, irrati bat ez duana txiro-txirotzat euki dezakegun bezala.

Orduko berri-banatzailleak, E.A.J. 8, Igeldo mendian kokatua dagon Donosti-irratia, bertakoek esaten zuten bezala, irrati-etxe bakarra zan, eta astean bein, asteazkenetan, nere ustez, ordu erdi bateko euskal-irratsaio bat eskaintzen zuten gauza berezia bezala, eta, ori, Eusko-Araudia edo Estatutua onartua zegolarik.

Eta izparringiak berriz, La Voz de Guipúzcoa, El Pueblo Vasco La Constancia eta El Día, azkenengo au Errepublika garaian bakarrik argitaratu zan, ziran goizekoak, eta arratsaldekoak, La Noticia eta La Prensa, baiña ez ziran egunero erosten, garesti gertatzen ziralako, naiz ale bakoitzak amar xentimo bakarrik balio izan.

ZINTZILIK GERATU ZAN TRANBIA

Tranbe istripu ikaragarri bat gertatu zan Herrera'n, 1947'ko azaroaren 18'an, eguerdiko amabiak aldera, egunero ibilgaillu auetan ibiltzen ziranen artean izugarrizko zirrara sortu zuelarik.

Errenderi aldera zijoan bi-zatik osatzen zuten tranbia, Kaskarre inguruan dagon tuneletik irteterakoan, malda bera asi zanean, trabak ezin eutsi ziola konturaturik gidaria, eta naiz eta bere aldetik aalegiñak egin, tranbia gero ta abiada aundiago artzen zijoala konturaturik, barruan zijoazten batzuk, larriturik, lurrera jauzi zituzten euren buruak, eta azkenik, Herrera'ko eliza inguruko biurgunera iritxi zanean, tranbia bere bidetik atera eta bide zabala zearkaturik eta beste aldeko tranbe-bidea ere pasa ondoren, bidearen alboko pareta jota, tranbe zati bat bestearen gaiñean geratu zan, iru eriotz egiñez.